Header Image

Ezarri zaizkigun hezkuntza sistemak agortuak daude. Herri burujabetza ukatzeaz gain ez digute balio euskal jendarte aurrerakoi, justu eta demokratiko bat eraikitzeko. Hezkuntzaren agorpena, letra larritan azpimarratu eta gure herriaren beharrizanei erantzungo dien hezkuntza sistema eraikitzeko premia dugu. Orain arte egindako bideak eman du eman beharrekoa, orain estrategia birdefinitzeko eta batera-jotze berri bati ekiteko garaia da. Eta horretan badu zer egitekorik ezker independentismoak.

Durangoko zein Baionako Plaza Hutsa tailerretan eta Bilboko saioan 80 lagun inguruk eman genion hasiera hezkuntzaren inguruko gogoeta prozesu irekiari. Abiapuntu ona jarrita, zenbait eskualdetara zabaldu da eztabaida bitarte honetan: Arrasate, Gasteiz, Iruñea, Leioako campusa...

Horrez gain, hezkuntzan aritu eta aditu diren lagunekin solasaldiak emititzen ari gara asteotan webgunean, eztabaida aberasteko.

Gogoeta prozesu honen hurrengo hitzordua maiatzaren 4an izango da. Goiz osoko saioan gogoeta nazionala egingo da hezkuntzak behar duen estrategia berrituaz. Lan-taldeetan Euskal Herriko txoko ezberdinetako kidegoaren artean ikuspuntuak partekatzeko tartea hartuko dugu, eta guztion artean ea mugarri berri bat jartzen diogun Euskal Herrirako hezkuntza sistema publiko eta burujabe baten aldeko ibilbideari.

Oharra: Izena eman duzuen guztioi, aldez aurretik, tailerrean eztabaidagai izango den dokumentua helaraziko zaizue.

Maiatzaren 4an 9:30etik 14etara

Donostiako Aitor Ikastolan

*Parkina erabilgarri izango da